Muxikoak jauzi bat da. Jauzika zirkulu itxian egiten den dantza bat da. Araututako urratsak ditu oinarri, toki bakoitzaren tradizioaren arabera dantzatzen direnak. Muxikoak jauzi luzeenetako bat eta agian zabalduen dagoena da. Beste jauzi asko bezala, Muxikoak jauzia bera eta segida batez osatua dago. Segida hori alda daiteke herrien arabera edo musikarien arabera.
Sagasetak (1977, 36) 1972. urtean Luzaiden dantzatzen ziren 11 jauzien artean sartu zuen. Argitalpen berean eta jaso zituen partituren jatorriari erreparatuz, eta Nafarroa Behereari dagokionez, bi talde diferenteak aurkitzen ditu: Luzaide-Garazitik datozenak eta Donapaleutik datozenak. Berak aurkitzen duen ezberdintasun nabarmenena konpasa da: Donapaleukoak 6/8 konpasean idatzita daude eta Garazi-Luzaiden 2/4 konpasean.Muxikoak-en segidari buruz zera dio Sagasetak:
… le he unido una final o Segida (suite). Es una de tantas piezas cortas que se usaban para alargar una danza y terminar con algo más conocido y más vivo. Las solían tocar algo más rápido… La que he puesto aquí… es la final que se toca hoy día siempre para terminar los Muxikoak en Garazi. Tanto, que muchos cre...irakurri gehiago
… le he unido una final o Segida (suite). Es una de tantas piezas cortas que se usaban para alargar una danza y terminar con algo más conocido y más vivo. Las solían tocar algo más rápido… La que he puesto aquí… es la final que se toca hoy día siempre para terminar los Muxikoak en Garazi. Tanto, que muchos creen que es parte integrante de los Muxikoak. Sin embargo, antes se usaban otras finales. Así, Pedro Echeverri pone como final de Muxikoak el Ahuntxa [Amaiera bat edo Segida (suite) erantsi diot. Jauzi laburretako bat da, dantza bat luzatzeko eta ezagunagoa eta biziagoa den zerbaitekin amaitzeko erabiltzen zena. Azkarrago jotzen zituzten... Hemen jarri dudana... gaur egun Muxikoak bukatzeko Garazin beti jotzen den amaiera da. Hainbesteraino, ezen askok uste baitute Muxikoen parte dela. Hala ere, lehen beste amaiera batzuk erabiltzen ziren. Horrela, Pedro Echeverrik Ahuntxa jarri du Muxikoen amaiera gisa ] (Sagaseta, 1977, 37).
J.-M. Guilcherrek berantago egin zuen bere ikerketa (1984). Honek ere jauzirik zabalduena izan dela dio (1984, 145). Hala ere, eta tokian tokiko ñabardurak ñabardura, dio:
Enquête et critique faites, c'est pourtant à l'unité et à la permanence qu'il faut conclure. Partout, en Béarn comme en Pays Basque, nous avons vérifié que l'œuvre est bâtie sur un modèle unique, celui-là même dont Fl. Vogel, le Rec. P.L.P., plusieurs manuscrits, ont fixé avant nous l'aspect musical, le même enfin dont le Ms. Ds. atteste l'existence dès la première moitié du XIXe siècle [Hala ere, ikerketa eta kritika eginda, batasuna eta iraunkortasuna da ondorioztatu beharrekoa. Nonahi, Biarnon zein Euskal Herrian, egiaztatu dugu obra eredu bakar baten gainean eraikita dagoela, zeinaren alderdi musikala Fl. Vogelek, Rec. P.L.P. bildumak eta hainbat eskuizkribuek gure aurretik finkatu dutena; Ds. Eskuizkribuak XIX. mendearen lehen erdialdetik, bederen, bazela egiaztatu zuena (Guilcher, 1984, 146).
Guilcherrek ere tokien araberako urratsen aldaketak ikusi zituen, dantzatzerakoan eta urratsen hurrenkeran. Adibidez, berak dio Amikuzen, V esaldiko ezker + erdizkaren ordez jo eta hirur egiten zela; edo III esaldian eskuin + ezker eta hirur batek ordezkatzen zuen jo eta hirur bat. Beste kasu batzuetan egiten dena da urratsa apaintzea. Hau gertatzen da XVI esaldian: lehen erdizkaren ondoren egiten den jo hiru txalorekin apaintzen da. (Guilcher, 1984, 150).Sagasetak ere urrats batzuen tokian tokiko aldaerak eman zizkigun, horietako batzuk arrunt interesgarriak. Adibidez, B. Salaberriren eskuizkribuan (Heletakoa) XVI sekuentziarako erdizka eta bortz, ematen du; Lamaisonek (Donapaleu) XVI sekuentziarako erdizka eta jo zabla, eta Iholdirako, erdizka-jo eta bortz atxik. Eta dio:
Herri gehienetan pasarte hori Erdizka-Dobla eginez moldatzen da, leku batzuetan bi urrats normal bezala eginez, beste batzuetan Dobla hori egitean hiru txalo joz edo Zablarekin eginez, baita lekuka Dobla horretan inguru osoa eginez ere. Baina Lapurdiko mugetan garbi-garbi urrats bakarra eginez moldatzen dute, Erdizka eta bost eginez, alegia, Erdizka eta hiru balitz bezala, baina eta bost eginez (Sagaseta, 2011, 195).