Lapurtar motxak jauzia ez da Muxikoak edo Xibandiarrak bezain luzea, baina bere sona horien parekoa da. Guilcherrek dio Ipar Euskal Herri osoan dantzatu izan zela, baina une hartan Nafarroa Beherean eta Lapurdiko herri batzuetan soilik dantzatzen zela (Guilcher, 1984, 182). Lapurtar motxak beste jauziekin batera egiten ohi da: Lapurtar motxak + Lakartarrak + Ahuntxa
Luzaiden ez ohi da bakarrik jotzen, Sagasetak jaso zuenez:
Luzaiden Erramun Auzkiri hartutako airea da. Gaur egun Luzaiden Lapurtar-motxak Ramuntxo orkestrak izenburu honekin jotzen zuen guztiari erraten diote, baina hor hiru Jauzi daude elkarturik: Lapurtar-motxak, Lakarre edo Lakartarrak eta Ahuntxa (Sagaseta, 2011, 196).
Are gehiago:
Berrogei urtetik gorakoek bereizten dituzte oraindik ere Lapurtar-motxak «Zeinakin» eta «Zeinaik gabe», hau da, Zeina urratsarekin hasten diren Lakartarrak erantsita ala erantsi gabe. Juanito Lurok, Periko Etxeberrik eta abarrek erran didate lehen, Lapurtar-motxak hasi aitzin, beti jakinarazten zutela Zeinarekin ala gabe jo behar zituzten.
irakurri gehiago
Jauzi hau Luzaiden, dantzatzeko zailenetarikotzat daukate, eta horregatik hautatzen omen zuten txapelketetan emateko. Gutxi baitziren Lapurtar-motxak, Lakartarrekin eta Ahuntxarekin, inork markatu gabe, gogoz dantzatzeko gai ziren herriak (Sagaseta, 2011, 196).
Kontutan izan behar da Sagasetak 1975ean argitaratu zuela Luzaide dantzei buruzko artikulua, 1977an liburu forma hartuko zuena. Beraz, «berrogei» urte horiek, gutxienez, 1975etik atzera zenbatu behar dira.
Bere izenak iradokitzen duen gisan,Lapurtar motxak baldin badira, Lapurtar luzeak ere egongo dira ere bai. Guilcherrek dio:
Aux confins de la Basse-Navarre et du Labourd on distinguait autrefois un «Lapurtar luzeak» (les longs du Labourd), plus connu sous les noms de Lapurtarrak ou Baztandarrak, et un «Lapurtar motxak» [Nafarroa Beherko eta Lapurdiko mugetan antzinean bereizten ziren «Lapurtar luzeak», ezagunagoak Lapurtarrak edo Baztandarrak izenekin, eta «Lapurtar motxak»] (Guilcher, 1984, 182)