1922an Aita Donostiak argitaratu zuen dantza honen soinua «Alki dantza» izenarekin (Donostia, 1922, 190). Urte batzuk geroxeago berrargitaratzen du Gure Herria aldizkarian beste soinuekin batera (hau ere E.E.S.-n egin zuen ere), baina orain «Katadera-dantza» deitzen dio, agian aurkezten duen lehendabiziko partitura Arnegiko Katadera-dantzarena delako. Azken honen deskribapenaren ondoren zera esaten digu:
Voici deux autres musiques que j’ai recueillies pour la même danse [Honatx, ber dantzarako bildu ditudan beste soinu batzuk] (Donostia, 1929, geh. 2)
Horietariko lehena (2 zenbakiduna) Amaiurrren jaso zuen Antonio Elizalderengandik. Izendapen berarekin jasotzen du honen semeak, Maurizio Elizaldek, 1943an egin zuen soinu bilduman (Donostia, 1994, 2001).
Larralde & Larraldek (1991) soinu bera jasotzen dute eta dantzaren deskribapena gehitzen diote:
Hiru katadera lerroan paratzen dire, batetik bertzera tarte bat utzirik. Zenbat katadera eta bertze hainbertze mutil zutik, ka...irakurri gehiago
Hiru katadera lerroan paratzen dire, batetik bertzera tarte bat utzirik. Zenbat katadera eta bertze hainbertze mutil zutik, kataderen eskuineko aldean. Lehenbiziko soinu-esaldian, dantzariek ordularien orratzen aurkako zentzuan, kataderen inguruan, zortzi urrats negurtuak eta ezkerreko zangoakin abiatuz, ematen dituzte. Hau errepikatzean, dantzari bakotxak hasmentako ezarpena hartzen du.
Gero, dantzariak biribilketaren soinuan abiatzen dire, kataderen tartetik itzulika eta elkarren kontra topo egin gabe. Hau gertatu ez daien, lerroko azken dantzaria erdiko kataderari inguru emanez itzultzen da eta denen buru jartzen da eta dantza holaxen jarraikitzen du. Nahasten dena galtzaile izanen da eta zigorra hartzen du edo ardo erronda bat ordaintzen du. Soinua gero eta biziago jotzen da (Larralde & Larralde, 1991, 34).
Gaur egun soinua eta koreografia hauek erabiltzen dira Baztanen Katadera dantza dantzatzeko.