Baztango Irri dantza bat da. Dantzariak, bi ilaratan eta aurrez aurre jarrita, ekiten diote dantzari. Dantzak bi zati ditu: lehengoan dantzariak hurbiltzen eta urruntzen dira elkarrengandik. Bigarrenean zurrumeen gainean egiten dute dantza, elkarrengandik hurbiltzen eta urrunduz. Lehengo aldea lasaia bada, bigarrena gero eta azkarrago egiten da.
R.M. de Azkuek jaso zuen bere Cancionero Popular Vasco-n Lekarozen jasotako dantza baten kanta. Izena jarri zion «Gan nintzen baratzera», kantaren hasierako bertsoetatik hartuta. Partitura eta kantaren letra eman eta gero idazten du: «Llaman por allí a este baile Zurruma-dantza [Dantza honi Zurruma-dantza deitzen diote han] (Azkue, 1922, 310). Kanta honen doinua ez dator bat Baztango gainontzeko herrietan erabiltzen denarekin. Aldiz, kantutegi berberean dakartzan «Tilili eta talala» kantaren bi bertsioak, bat egiten dute oraingo Zurrume dantzarekin, baina Azkuek ez du dantzaren inongo aipamenik egiten.
Azkuek jasotako azken kanta honekin lotuta, Aita Donostiak Arraiozen jaso zuen 1912an «Piriri eta parara» kanta, eta hamar urte geroago argitaratu zuen bere Euskal Eres-Sortan. Gerora ere...irakurri gehiago
Azkuek jasotako azken kanta honekin lotuta, Aita Donostiak Arraiozen jaso zuen 1912an «Piriri eta parara» kanta, eta hamar urte geroago argitaratu zuen bere Euskal Eres-Sortan. Gerora ere Gure Herria aldizkariko «gehigarri musikalean» berrargitaratu zuen, Zurrume dantzari eskeinitako artikulutxoan (Donostia, 1934, s.m., 3). Ez du espresuki esaten dantzaren doinua denik, soilik Lapurdin jasotako Zurrume dantzaren doinuaren «une autre variante musicale» bat dela. Eta doinuarekin kantatzen den letraren beste aldaera bat ere ematen du.
Aipatutako Gure Herria-n Aita Donostiak Arizkungo txistularia zen Antonio Elizalderen beste bertsio bat jaso zuen, honen seme Maurizio Elizaldek 1943 bilduma batean jaso zuena eta gaur egun Baztanen dantzatzen dena. Patxi eta Xabier Larraldek bertsio bertsua ere argitaratu zuten (Larralde & Larralde, 1991, 63).
A. Donostia Lekarozen ere jaso zuen melodia beraren beste bertsio bat eta Obras Completas bilduman ohar bat dator: «Bailan 1 o 2 nada más [1 edo bi dantzatzen dira, gehiagorik ez]» (Donostia, 1984, 1939)
Dantza honi buruzko informazio gehiago eman zuen Donostiak 1934an:
Disons pour finir que cette chanson est appelée aussi Zurrume-dantza ou danse du talon parce qu’on la danse frappant le sol du talon. D'après Antonio ELIZALDE, cette danse s’exécutait spécialement à l'occasion du repas qui avait lieu le soir ou la nuit, après avoir terminé la fabrication de la chaux. On lui donne encore le nom de Kito-dantza, de même qu’à Baigorry on l’appele hartz-dantza (danse de l'ours) [Amaitzeko, erran dezagun kanta honi Zurrume-dantza edo orpo dantza deitzen diotela, zolua orpoarekin jotzen baita. Antonio ELIZALDEren arabera, kisua egiten zeneko arratsaldean edo gauean egiten zen afariaren ondoren egiten zen bereziki. Kito-dantza izena ere ematen zaio, eta Baigorrin hartz-dantza (Donostia, 1934, s.m., 3).
Horrela deskribatu zuten dantza Larraldetarrek:
Dantza hau bakarka egiten da baino aunitz aldiz taldean ere dantzatu izan da eta bakarka; dantza hunten dantzari bakotxaren trevezia eta abilidadea agertzen da. Lehenik hiru urrats aintzine eta bertze hiru gibelera ematen dire. Hau errepikatzen da. Bigarren zatian –bi ondar konpasak ez bertze guziak– dantza berezi bat izaten da, zurrumekin lurra joz, ituzliak eta urratsak egiten dire soinua adierazten duena eginez eta soinua bizi eta arin akaballa aldera (Larralde & Larralde, 1991, 36)
F. Arrarasek ere jaso zituen Zurrume dantzak Baztanen, beti ere, bere iturria aipatu gabe. Aipatzen dugu Arraras bestelako deskribapena egiten baitu. Bere liburuan Arizkun eta Lekarozko Zurrume dantzak agertzen dira (Azkuek eta Donostiak bere aurretik ikertutakoak). Arizkungo partitura Donostiak emandakoaren bertsioa da. Bestea, Lekarozkoa, Azkueren «Gan nintzen baratzara»-ren bertsio bat da.
Arrarasek egiten duen dantzaren deskribapena, Maurizio Elizaldek irakasten zuenetik eta Larraldetarrek egindako deskribapenetik aldetzen da:
Los dieciséis primeros compases se bailan como una Mutildantza común [Lehendabiziko hamasei konpasak Mutil dantza arrunt baten moduan dantzatzen dira] (Arraras, 1987, 40).
Konpaska egiten duen deskribapena ez da segitzeko erraza, baina egun egiten denetik urruntzen da. Larraldetarrek aipatzen dituzten «hiru urrats aintzine» horiek hiru urratsetan ezkerrerantz egindako bira batek ordezkatzen ditu, eta gibelerakoak eskuinerantz egindako beste bira bat. Gero deskribapena nahasten da, bai oinen bermapuntuetan, bai mugimenduetan: bira osoa 9. konpasean, ezker (eskuinera biratuz pikatuan), buelta eskuinera lau pausotan. Dantzaren bigarren zatiaz hauxe dio:
La segunda frase musical, también de dieciséis compases, es más movida, y la danza se convierte en un taconeo que hace resaltar la graciosa melodía. Estos dieciséis compases tienen la misma coreografía explicada para la primera frase musical, únicamente habrá de tenerse en cuenta de resaltar exageradamente el taconeo dicho [Bigarren esaldi musikala, hau ere hamasei konpasekoa, mugituagoa da, eta dantza melodia nabarmentzen duen takoneo bihurtzen da. Hamasei konpas horiek lehen musika-esaldiaren koreografia bera dute, baina aipatutako takoneo hori nabarmenduz egin behar da]. (Arraras, 1987, 42)