Itsas dantza Baztango Irri dantza bat da. Itsas edo isatsa (Baztanen erratzak itsasa du izena) daraman dantzari bat, ilara baten lehenbizikoa da. Dantzariak gerritik helduta dantzatzen dira eta lehendabizikoari jarraitu behar diote, honek egiten dituen mugimendu guztiak errepikatu behar dute. Gaizki egitekotan, lehendabizikoak itsasarekin zigortzen ditu.
Baztango beste Irri dantza asko bezala, dantza hau eskoletan eta Bailarako dantza taldeetan dantzatzen eta irakasten da.
Itses dantzaren koreografia hori izan da eta da. Lehendabiziko deskribapena Aita Donostiari zor diogu. 1919an jaso zuen dantzaren melodia eta koreografia Amaiurren, Antonio Elizalderen eskutik. Frantsesera itzultzen du dantzaren izena: «Danse du balai»:
Elle est d’un caractère analogue à la danse de la poêle; mais il n’y a pas de chaises. En tête il y a un danseur qui porte un balai sur son épaule. Derrière lui vont quelques danseurs qui sont liés les uns aux autres par la ceinture. Celui qui porte le balai fait des gestes que les autres doivent imiter. Celui qui ne les fait pas est frappé du balai. Pour surveiller les dan...leer más
Elle est d’un caractère analogue à la danse de la poêle; mais il n’y a pas de chaises. En tête il y a un danseur qui porte un balai sur son épaule. Derrière lui vont quelques danseurs qui sont liés les uns aux autres par la ceinture. Celui qui porte le balai fait des gestes que les autres doivent imiter. Celui qui ne les fait pas est frappé du balai. Pour surveiller les danseurs le chef regarde en arrière [Zartagin dantzaren antzekoa da, baina ez dago aulkirik. Buruan dantzari bat dago, erratza bizkarrean daramana. Atzetik dantzari batzuk doaz, gerritik elkarri lotuta. Erratza daramanak, besteek imitatu behar dituzten keinuak egiten ditu. Egiten ez dituena erratzarekin kolpatzen du. Dantzariak begiratzeko, buruak atzera begiratzen du] (Donostia, 1930, 484).
Gainontzeko autoreek ematen dute deskribapen bera edo antzekoa.
Donostiak ere, melodiari lotuta dagoen kantaren letra ere eman zigun:
Atso zarra milindrin
hire bentak egin din
ortzak ere guan zaizkin
eta sorgin zar bai idurin (Donostia, 1930, 484)
Kanta bera eman ziguten Javier eta Patxi Larraldek baina Bizkar dantzarako, beste melodia batekin (Larralde & Larralde, 1991, 31).
Larraldetarrek esaten ziguten Irri dantzek jatorria zutela nekazariek «elkar lagunduz» egiten zuten lanetan (Larralde, 1991, 29). Itsas dantza egiten zen giroa, hain zuzen, lan giroa zen. Hori adierazten lehena, Aita Donostia izan zen:
Al terminar la faena de hacer la cal, los 6 u 8 que están vaciando la calera toman el caldo (que les traen con mucha frecuencia). Mientras los demás extienden la cal, etc.
Estos 6 u 8 van por las casas o piezas bailando el Itsas-dantza.
En las casas les dan algo que beber…
Bailan sólo los que trabajan en el horno vaciándolo.
Esto hacía Telletxea (txistulari de Errazu) en Aniz… hace unos 50 años [Kisua egiteko lana amaitzen zelarik, kisulabea husten ari ziren 6 edo zortziek salda hartzen dute (maiz ekartzen dietena). Bitartean, gainontzekoek kusia zalbaltzen dute, etab.
6 edo 8 horiek etxerik etxe joaten dira Itsas-dantza dantzatuz.
Etxeetan zer edan ematen diete…
Dantzatu, soilik kisulabea husten dutenak.
Telletxeak (Erratzuko txistularia) egiten zuen hau Anizen… duela 50 urte gutxi gorabehera] (Donostia, 1994, 1909)
Arrarasek, dantza honen deskribapena ere ematen duena, Donostiarena hartzen du.
Melodiari dagokionez, bi melodia ezberdinekin egiten dugu topo bibliografian. Datari dagokionez, partiturarik zaharrena Amaiurren jaso zuen Aita Donostiak 1919an Antonio Elizalderengandik (Donostia, 1930). Bigarrena Maurizio Elizaldek egin zuen bilduman dagoena da. Gorago esan bezala, Bizkar dantzaren melodia bera da. Mauriziok bere aita Antoniorengandik jaso zituen bildutako dantzen melodiak, Donostiak idatzita utzi zuen gisan:
…el cual [Maurizio] ha aprendido de memoria estos bailes de su padre Antonio [zeinak [Maurizio] bere aita Antoniorengandik buruz ikasi zituen dantza hauek] (Donostia, 1994, 1970)
Bestaldetik, Jose Telletxea txistulariari jasotako melodia daukagu. Larralderen aburuz, Aita Olazaranek jaso zuen (Larralde & Larralde, 1991, 32). Aita Donostiaren Obras completas bilduman, Donostia da biltzailea eta Aniz herrian jaso zuen (Donostia, 1984, 1909). Bietatik edozein dela ere, beren iturria da biak batzen dituena. Melodia hau da Patxi Larraldek bere disko eta liburuxkan jasotzen duena.