Jadanik egiten ez den dantza da.
M.A. Sagasetak Argi dantza Luzaideko Josteta dantzen artean kokatzen badu ere, berez Lasakoa izan beharko zuen. Sagasetaren lekuko bakarrak ematen dio dantza honen testigantza:
Dantza hau oso-osorik, bai musika eta bai koreografia, Beñardo Lapeireri zor diot. Gazte zela, joaten omen zen tarteka, bere akordeoi ttipiarekin, Luzaideren mugante den Lasako auzora, eta dantza hau hango etxe batean nola dantzatzen zuten kontatu zidan. Etxe hura erdi ostatu, erdi batzarleku, erdi dantzaleku, baita kontrabandoa pasatzeko tratuleku ere, denetarik pixka bat, izaten omen zen.
Dantza honelatsu moldatzen edo egiten zen. Dantzari bakoitzak kandela pizturik zeukan argimutil bana jartzen zuen bere aurrean… Dantzariak ezkerreko zango muturrarekin argimutilaren ertza zapaldu behar zuen, eta zango horren gainean tente iraunez, eskuinekoarekin kandelaren inguruan itzulinguru jakin batzuk eman, argia itzali gabe eta orekarik galdu gabe.
Lehenik oreka galtzen zuenak edo argia itzaltzen ardo tragoa ordaindu behar z...irakurri gehiago
Lehenik oreka galtzen zuenak edo argia itzaltzen ardo tragoa ordaindu behar zuen; gero, berriz haste (Sagaseta, 2011, 302)
Koreografiari dagokionez, hauxe da Sagasetak jasotakoa:
Dantzaren lehenbiziko zatia oso geldi jotzen da, zuria = 72 edo horrela. Bigarren zatia bizi samar, zuria = 100 inguru, bukaeran asko geldiagotuz edo ritardando azkar bat eginez. Lehengo konpasaren a) eta b) denborerdietan eskuineko zango-puntarekin gora samar jasorik eta dilindan bezala baina zuzen, aurrera eta atzera bi kolpetxo markatzen dira. Bigarren konpasean aitzinka markatzen da, hirugarren konpasean gibelka. Hurrengo hiru konpasetan ariketa berdina errepikatzen da: bi mugialdi bizi aurrera-atzera, bat luze aitzinera eta beste bat luzea gibelera. Hori kandelatik hurbil egiten da, baina ukitu gabe.
Mugialdi horiek, eskuineko zangoak, hanka-puntetan jartzera balihoa bezala, zango muturra luzatuz egiten ditu. Higialdi horiek laugarren eta zortzigarren aldian egindakoan, zango punta aitzina begira gelditzen da, azken konpasean gibelera itzuli gabe, geldialditxo bat eginez. Bigarren zatian, postura berean dagoen zangoak kandelaren inguruan bi itzuli oso ematen ditu ordulariko orratzen aurkako norabidean eta beste bi, orratzen aldekoan, itzuli bakoitzak bi konpas hartzen dituela, eta horrela bukatu arte. Azkeneko notan musikarekin batera geldialditxo bat egiten da zango punta beti aurreraka gelditzen dela. Gogoratu eskuineko oinaren punta denbora guztian lurretik 30-35 zentimetrora edo gehiagora ahal bada ibiltzen dela, sinu edo keinu guztiak belaun-joko bilakatzen direla (Sagaseta, 2011, 304)
Dantzak bi zati ditu, beste hainbat joku dantzetan gertatzen den bezala. Izan ere, ematen du bi zati horien doinuak trukagarriak direla eta dantza ezberdinetan erabil daitezkeela. Horrela, Sagasetak berak aipatzen du nola, Aita Donostiak Arnegin jasotako Killun dantzaren doinua, berak jasotakoaren lehengo zatiarena den, eta Azkuek Azkainen jasotako Kadera dantzak Argi dantza honen bigarren zatia nola hartzen duen (Sagaseta, 2011, 305). Bestaldetik ere, Dufau & Dufauk adierazten dute doinua bera Kadera dantza eta Argi dantzarako («Kandela dantza» deitzen diote) erabil daitekeela.