Jadanik egiten ez den irri dantza da.
Luzaideko Kadera dantza, aulki dantza bat zen. Hiru kaderarekin egiten zen eta dantzariak kadiren artean dantzatu behar zuten beraien artean talka egin gabe edo hutsik egin gabe.
Aita Donostiak jaso zuen dantza honen doinua 1944an Luzaideko Argina baserrian.
Dantza honen deskribapena M.A. Sagasetak eman zigun:
María Lapeirek (1918-2004) kontatzen zuen nola biltzen ziren Bidondoko ezkaratzean senide guztiak eta auzokide zenbait eta nola dantzatzen zuten han, aitatxi xaharrak, Manex Rekartek (1871-1951), zartagina eskuetan, airea kantatzen zien eta jujegoa edo epailegoa egiten zuen bitartean. Norbaitek huts egiten zuenean, kanta isildu eta zartaginari pot edo musu emanarazten zion, eta dantzatik kanpo uzten zuen. Haren lekuan, bazterrean beha zegoen bat sartzen zen orduan. Horrela denek parte hartze zuten.
Dantzatzeko era oso erraza da… Hiru kadira ezartzen dira lerroan eta haien aldean hiru dantzari. Lehenbiziko zatian (a tempo), kadiren inguruan dantzatzen dute K...irakurri gehiago
Dantzatzeko era oso erraza da… Hiru kadira ezartzen dira lerroan eta haien aldean hiru dantzari. Lehenbiziko zatian (a tempo), kadiren inguruan dantzatzen dute Kontrapasak eta Antrexatak eginez bere abiaduran, zuria=90, hor nonbait. Bigarren zatian biziago eta biziagotuz, bat besteren atzetik lasterka abiatzen dir kadiren artetik barna, kontuan edukiz, hirugarren lekuan doanak itzulia azkenaurreko kadiran hartu behar duela beti eta horrela lehenengo lekua hartzera pasatu. Biziagotuz egiten den aire hau musikariak nahi adinbat errepika dezake. Tarteka musikaria lehendabiziko zatira, a tempo zatira itzultzen da, eta orduan denek aulkien artetik ingurura atera behar dute eta dantza berriz hasi. Norbaitek erran zidan bigarren zati biziago hori Antrexata arin batzuen modura dantza eginez hasten zutela, et biziagotuz joan ahala, lasterrari ematen ziotela, baina gehienek hasietatik lasterka hasten zirela diote, eta laster gehiago eginez jarraitu gero (Sagaseta, 2011, 299)
Ikusten denez, dantzaren deskribapena bat dator, salbuespenak salbuespen, beste aulki dantza batzuekin: Baztango Katadera dantza, Loizuko Katadera dantza etabar. Baita ere ikus daiteke Baztango Zartain dantzaren antza jaso daitekeen zigorrean: zartagin bati musu bat ematea edo aurpegia zikintzea.
Doinuari dagokionez, Sagasetak dio Aita Donostiak jaso eta argitaratu zuen Arnegiko Katadera dantzarena dela (Sagaseta, 2011, 299).
Doinu hontaz gain, Sagasetak beste doinu bat jaso zuen (Kadera-ddantza 2 izena jartzen dio) eta berari buruz zera esaten du:
Beste aire hau Luzaideko Gaindola auzoan, Mikelau baserrian bildu nuen. Banka herrian oso ezaguna zela erran zidaten, eta Luzaiden, Gaindolan gehiago erabiltzen zela beste auzoetan baino. Izan ere, Karrikan, Azoletan, Ondarrolan eta Gainekoletan doi-doi ezagutzen dute, Pekotxetan, berriz, ez dut inor aurkitu aire hau zekienik.
Aurreko airea [Luzaideko Kadera dantza (1)] bezalaxe dantzatzen da. Lehengo parteko airea hiru aldiz errepikatzen da, eta bigarrenekoa, accelerando, musikariak nahi adina aldiz.
Melodia hau Alki-dantzaren eta Baztango Katadera-dantza-ren kidekoa da, lehenbiziko partean behintzat. Bigarrenean gehiago aldatzen da. Beste leku askotan ere bildu zituen A. Donostiak aire honen beste era batzuk (Sagaseta, 2011, 300)