Jadanik egiten ez den dantza.
Dantza honen deskribapena F. Arrarasek (Arraras, 1987, 151) eman zuen. Mutilak, eskutik helduta, sartzen dira plazan doinuaren erritmora, ibiltzen, eta bi buelta ematen diote. Danbolinausi edo maiordomoak aitzineko eta gibeleko posiziotan daude sokan. Arrarasen arabera «aurrendari» eta «azkendari» esaten zaie. Soka dantza bukatuta haiek ateratzen dira nesken bila eta tartekatzen dituzte mutilen artean soka mistoa sortzeko.
Soka mistoa egina dagoela txistularia hasten da, berriz ere, Soka dantzaren doinua jotzen. Lehendabiziko bikoteak batzen dituen zapia altxatzen dute eta zubi bat egiten dute eta gainontzeko dantzariak bere azpitik hasten dira pasatzen.