Jadanik dantzatzen ez den irri dantza da.
Dantza hau agertzen zaigu R.M. Azkueren Cancionero Popular Vasco delakoan (Azkue, 1925, 426). Bertan «Axuri beltzaren» familiakoa dela esaten du. Gerora ere, F. Arrarasek (1987, 113 eta 226) jaso zuen Azkuek argitaratutako melodia.
Dantza hau aurreko mendearen laugarren hamarkadan galtzen da baina bere oroitzapena oso garbia da zazpigarrenean eta zortzigarrenean ere. Joku dantza zen heinean, tabernan, artaxuriketan, etxean,... egiten zen.
XX. mendearen seigarren hamarkadan J.M. Beltranek ikertu zituen Larraun ibarreko dantzak eta bere artean hau dago. Melodia eta dantzatzeko modua ere jaso zuen. Hiru alkirekin egiten den aulki dantza da. Hiru aulkiei dagozkien hiru dantzarik parte hartzen dute. Hauek, melodiaren erritmoa jarraituz nahastu gabe, aulkien artean dantzatu behar dute, beste dantzariekin tupust egin gabe. Dantza hau txistuaren soinuarekin egiten zen txistularirik bazegoen:
Danbolinterorik ez bazen, “ezpainetakoa” edo aho-soinua jotzen zekien norbaitek joko zuen, eta soinularirik ez zegoenean, aulki-dantzarako musika denen a...irakurri gehiago
Danbolinterorik ez bazen, “ezpainetakoa” edo aho-soinua jotzen zekien norbaitek joko zuen, eta soinularirik ez zegoenean, aulki-dantzarako musika denen artean kantatuz ematen zuten (Beltran, 2016, 50).
Dantza honek bi zati ditu jarraian egiten direnak. Lehendabiziko zatian dantzari bakoitzak dagokion aulkiaren parean jartzen da (bere ezkerrean duela). Musikarekin batera dantzariek inguratzen dituzte aulkiak aulki-multzoari buelta erdia emanez. Melodiaren errepikapenarekin hasierako postura hurbiltzen dira berriz. Zati honi Beltranek “dantza” deitzen dio (Beltran, 2016, 13). Behin “dantza” bukatuta, “jokoa” hasten da: dantzariak aulkien artean birak emanez egiten da. Bigarren zati honetan lasai eta motelki hasten da, baina musika gero eta azkarrago jotzen da. Horrek ongi egitea zailtzen du.
Azkuek jaso zuen melodia eta 40-50 urte geroago Beltranek jaso zuena doinu bera dira.
Hemen ematen den doinua J.M. Beltranek grabatu zuen (Beltran, 2016). Argitalpenean argitzen da ezen «grabazioaren hasierako bi buelta Azpirozkoak dira eta hirugarren bueltako hasieratik bukaera artekoak Etxarrikoak» diren (Beltran, 2016, 52).
Ikusi Iribasko Silla dantza