Hogei dantza ezberdinek osatzen dute Baztango Mutil-dantzak, baina ezberdin izan arren , ezaugarri koreografiko komun batzuk dituzte: biribil irekian eta erlojuaren orratzen kontrako norantzan dantzatzen dira. Gaur egun, Bailarako herrietako bestetan zein une berezietan, egiten dira. Izenak dioenez, tradizionalki gizonezkoek dantzatu izan dituzte baina azken boladan emakumezkoek ere parte hartzen dute. Mutil-dantzek Iparraldeko jauziekin eta Biarnoko sautsekin daukate harremana.
Gaur egun Dantza luze izenarekin dira ezagunak Arantzako dantzak eta herriko bestetan (abuztuaren 15ean) dantzatzen dira. Aitzinean Inauteri garaian eta Sanjuanetan ere egiten ziren. Ziklo bat osatzen dute eta barnean bi mutil dantza, soka dantza bat, neska dantza eta zubi dantza ditu. Horri neskak sartzeko erabiltzen den errituala eta musikak gehitu behar zaizkio.
Mutil Dantzak
Izenak adierazten duen bezala mutil dantzak tradizionalki mutilek burututako dantzak dira. Izena modu generikoan hartzekotan, dantza talde honetan tradizioan aurkitzen ditugun dantza gehienak sartuko liratete, gizarte talde honek, mutilenak, izan baita erritozko zein gizarte dantza gehienen protagonista. Horren atzean emakumean plazan agertzeko ezarritako zailtasunak. Horregatik “mutil dantza” tipologiaren barruan tradizionalki mutilek zirkulu irekian zein itxian eta erlojuaren orratzen kontrako bidean dantzatutako dantzak aurkituko ditugu. Erran beharra dago emakumeak gero eta gehiagotan parte hartzen ari direla honelako dantzetan. Tipologia honen adibiderik garbienak Baztango mutil dantzak eta Nafarroa Behereko jauziak dira.
Xerri begi